92. iruzkina, 2002ko uztailaren 1ekoa

      Aurrezaintzako kolpeak: arrisku politiko eta moralak

      Guduak errealitate bat izaten jarraitzen dute munduan. Hala ere, gutxienez bost mendetan, mundu egitura modernoko Estatuek guda ekintza bortitzenak eta arrazoi gabeenak mugatu edo ezabatzeko "guduaren arauak" sortzeko borrokan aritu dira. Arau hauek pixkanaka pixkanaka osatu dira nazioarteko hitzarmenetan.

      1945ean, Nazio Batuen Gutunak guda bat hasi eta beste batzuk hasitako gudetan lurraldea defendatzearen artean desberdintzen zuen. Gutunak "norberaren defentsaren" zilegitasuna onartzen du eta baita "taldearen autodefentsa" ere –zera, herrialde arteko hitzarmenak zeinetan ezar litekeen herrialde hauetako bat erasotua bada besteek hura babestuko dutela-. Egunerokoan aipatu arauak maiz hautsi badira ere, makurkeriaren zerga ordaintzat har daiteke 1945etik araudi bortxatzaileek zurikeriz ukatu izana hala izatea; aldiz, eurek guda ez dutela hasi azpimarratu dute, erantzukizuna beste aldeari leporatuz. Adibidez, Ipar Koreak beti ukatu du 1950ean Hego Korearen aurka guda hasi izana, erasoak azken honek hasi zituela argudiatuz. Estatu Batuek 1983an Granada hartu zutenean ziurtatu zuten arriskuan zeuden medikuntza ikasle estatubatuarren bizia zela arrazoi bakarra, eta beraz, aldez aurretik Granadak era erasokorrean jokatu zuela.

      Estatu Batuak eta Sobiet Batasunaren arteko guda hotz luzean esaten zen "ikararen oreka" zegoela. Honek adierazi nahi zuen bi aldeek zekitela haietako batek arma nuklearrak erabiliz guda hasiz gero, bestea prest zegoela modu berean erantzuteko, eta beraz ondorio nagusia elkarren suntsipena izango zela. Hala ere, estatubatuar gobernuak behin eta berriro eztabaidatu zuen (eta beharbada gauza bera gertatu zen sobietar gobernuan) ea arerioa eraginkortasunez erantzuteko gaitasunik gabe uzteko bideragarria eta komenigarria zen halako guda piztea. "Aurrezaintza" izaera baino izango ez zukeen lehenengo kolpe bati buruz hitz egiten zen. Dakigun bezala, hau ez zen gertatu. Ez dakigu arrazoi teknikoen ondorioz izan zen (ezustekoa ez zen inoiz izango erantzun suntsitzailea ekiditeko bezain handia) edo arrazoi politiko-moralengatik (lehenengo eraso batek Nazio Batuen Gutuna urratuko zukeen). Baieztatu daitekeena da estatubatuar administrazio bakar batek ere ez zuela erabat baztertu lehenengo kolpea jotzeko aukera. Askok uste zuten honen helburu bakarra arerioa "arrantzan" iraunaraztea zela, eta haietako inork serioski ez zuela inoiz izan erasoa aurrera eramateko asmoa.

      Sobietar Batasunaren porrotaren ondotik aipatu zen jada ez zegoela "lehenengo kolpearekin" kezkatu beharrik, guda hotza bukatua baitzen. Baina irailaren 11 eta gero, aukera hori indarberritu da. 2002ko uztaileko West Pointeko hitzaldian George W. Bushek adierazi zuen: "Mehatxuak erabat gauzatzera itxaroten badugu, gehiegi itxarotea izango da". Lehenengo kolpea zilegia dela nahiko argiro azaltzen duen adierazpena da, bereziki Condoleeza Ricek hitzaldiaren aipua egin zuenetik: "balizko etsaiak gure nazioaren aurka zuzendutako ekintza suntsitzaileei aurrea hartzeko aukera adierazi nahi du".

      Bob Woodward-ek 2002ko ekainaren 16ko Washington Post-en jakinarazi zuen Bushen administrazioak Saddan Hussein erahiltzeko talde estatubatuarren erabilerari buruz eztabaidatu zuela berriki. Estatu Batuek halako erahilketak landu zituen 50 eta 60 hamarkadeetan, dakigunez hauetako bakar batek ere arrakasta izan ez zuelarik. 1973an Senatu estatubatuarraren Elizen Batzordeak aipatu egitasmoen berri jakinaraztearen ondorioz, Fordek agindu behartzaile bat luzatu zuen 1976an aipatu jokamoldea debekatuz. Ondorengo lehendakari estaubatuarrek agindua indarrean izan zuten, Reagan eta Bush (aita) barne. Baina orain aipatu egindu hori da ezbaian jartzen ari dena.

      International Journal of Intelligence and Counterintelligence-ren (2002ko otsailak, !5) azken zenbakian, Jeffrey T. Richelsonek argi eta garbi babesten du "erahilketa segurtsun nazionalaren aukera bezala". Pena merezi du arrazoietan erreparatzeak: "Ezin daiteke pentsa debekua (erahilketena) erabatekoa denik (...) Arrazoizkoa litzateke argudiatzea Estatu Batuek orain arteko moduan debekatzen jarraitu behar dutela. Estatu Batuek burutzen duten nazioarteko legeriaren irakurketaren arabera etsai buruzagien hilketa baimenduta dago hain zuzen ere egokiak izateko aukera gehien duten egoeretan: guda baten erdian, ekintza terrorista jarraitu batzuen testuinguruan, edo berehalako eraso baten aurrean. Horregatik debekua ez zen muga izan lehendakariak 2001ko urrian Osama Bin Ladenen erahilketa baimentzen zuen agindua sina zezan".

      Horrela ba, asmoa argia dirudi. Lehenengo Estatu Batuak Saddan Husseinen hilketan saiatuko dira. Ez badu lortzen (eta badirudi aukera gutxi dituela lortzeko), orduan aurrezaintzako lehenengo kolpea etorriko da. Bush lehendakariak behin eta berriro adierazi du "erregimen aldaketa" nahi duela zenbait herrialdeetan. Hori euren burujabetzaren bortxaketa dela adieraztea gauza nabarmena da, baina itxuraz horrek ez du kezkatzen, boterearen hizkuntzan mintzo baita, eta ez legearenean. Hizkuntza hori moralarenarekin estaltzen du: terrorismoaren aurka eta demokraziaren aldeko borroka. Ez dut hemen aztertuko aipatu egitasmoen eraginkortasun politikoa. Beste toki batzuetan egin dut, eta eraginkortasun politikoa hain zuzen eztabaidagaia da administrazio eta Kongresu estatubatuarrean zein Europar Batasuneko buruzagi batzuen artean.

      Baina politika ez da auzi bakarra, legea eta moralitatea baizik, eta itxuraz bi kontu hauek eztabaida gutxiago sortzen dute. Jende arruntari, ni bezala, nabarmena iruditzen zaigu "ekintza suntsitzaileei aurrea hartzea" eta "defendatzea" ez direla gauza bera arrazoi xume batengatik: legeak onartzen duen defentsa bakarra eraso baten aurrena burutzen dena da. Eraso bat burutzeko asmoa oraindik ez da eraso bat, inoiz ez baita jakiten asmo hori burura eramango den edo ez. Gainera, aldez aurretik erasotzen duenak asmo horren berezko irakurketa egiten du eta irakurketa okerra izan daiteke (sarritan gertatzen dena). Legeek ez didate baimenik ematen inoren aurka tiro egiteko norbaiti egunen batean edo bestean ni hiltzen ahalegindu litekeela pentsarazten didaten nire gaineko gauza itsusiak entzun dizkiodalako. Hori bai, pertsona horrek bere pistolaren jomugan jartzen banau, neure buruaren babesean hil dezaket. Oinarrizko desberdintasun hau aintzat hartu gabe, legerik gabeko munduan egongo ginateke.

      Gero moralaren gaineko koxka dago. Hori ekintzen arrazoizkotasunari atxikitzen zaio. Eta arrazoizkotasunak eskatzen du aintzat hartzea ze punturaino egon gaitezkeen okertuta. Ez dirudi arrasto handirik dagoenik pentsatzeko administrazio estatubatuarreko inor kezkatzen dela agian okertuta gauden aukerarekin. Baina kezka hori, norberaren azterketa hori, moralarentzat erabakiorra da. Aurrezaintzako guda bat atzeraezineko ekintza da, ez zuzendu daitekeen delitu txiki bat (demagun kalteordain txiki baten bidez). Jendea hiltzen da, eta kasu gehienetan asko. Aurrezaintzako kolpea abiatzen duenak esan dezake beste batzuk (bere lagunak eta sendia, bere aberkideak) iragarritako erasoak hiltzea ekidin nahi duela. Baina edozein kasutan bera izango da tiroa egin eta hiltzen duen lehenengoa. Hori ez badago "ez duzu hilko") aginduaren pean, egongo al da zerbait?

      Barregarriki inozoa iruditzen zait. "Lehenengo kolpea" nazioarteko legeriaren aurka doa. Lehenengo kolpea moralaren aurkakoa da. Soilik akats politiko bat izango balitz, hari biziraungo genuke. Baina neurri honetako akatsa legean legearen izana bera azpiratzen du. Eta moralitatean egindako akats batek (batzuk pekatu deitzen dutena) eraldatzen gaituen zerbait da, eta ez hoberako.

      Immanuel Wallerstein (2002ko uztailaren 1a)


      © Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.

      Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).